Urkiolako Parke Naturala zaindu eta hobetu gura dute jendeagaz batera

Anboto 2013ko ots. 5a, 08:10
Urkiolako Parke Naturala garbi mantentzeko kontzientziazio kanpaina ipini dute martxan, eta herritarren laguntza eskatu dute parkearen egoera aztertu eta hobetu ahal izateko

Urkiolako Parke Naturala garbi mantentzeko kontzientziazio kanpaina ipini dute martxan, eta herritarren laguntza eskatu dute parkearen egoera aztertu eta hobetu ahal izateko.

 

Urkiolako parketxeak hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetarako, parke naturala zaindu eta hobetzea helburu. Gainera, jendeagaz batera hartu gura dituzte neurriak. Alde batetik, ingurunea garbi mantentzeko kontzientziazio kanpaina ipini dute martxan, eta bestetik, herritarren laguntza eskatu dute parkearen egoera aztertu eta hobetzeko.

 

Kontzientziazio kanpainari dagokionez, neguko erabileragaz lotuta dagoela azaldu dute arduradunek. Elurra egiten duenean, hainbat herritar hurreratzen da Urkiolara dibertitzeko asmoz. Plastikoak hartu eta maldetan behera irristatzen dira. Arazoa dibertimendua amaitzerakoan dator: askok bertan uzten dute erabilitako plastikoa. Zikinkeria hori elurra urtzean igartzen dela esan dute parketxeko arduradunek. Hori dela-eta, hainbat kartel ipini dituzte plastikoak edukiontzietan utzi edota etxera eroateko eskatuz.

 

Bigarren ekintzak parkean topatu ahal diren arazo eta zikinkeriekin dauka zerikusia. Otsailean eta martxoan zehar, Toki-Alai interpretazio zentroan fitxak banatuko dituzte. Parkeko inguru naturalean hobetzekoak diren gauzak seinalatzea eskatuko diete erabiltzaileei: pilatutako zaborra, margoak, apurturiko hesiak… "Bilketarako fitxa bat banatuko diegu diagnostikoan lagundu nahi duten guztiei eta, honela, toki horietan neurriak hartu ahal izango dira", esan dute ekimenaren sustatzaileek.

 

Parkea aztertzeko gonbita

Urkiolako Parke Naturala ezagutzera emateko ekintzak sarri egiten dituzte, bertako aberastasuna erakutsi guran. Era horretako irteera bat izan zuten domekan, Urkiola Parke Naturala esplora ezazu lelopean. Gaztetxo bakoitzari motxila bat utzi zioten, eta bertan jarduera burutzeko beharrezkoa zuten materiala jaso zuten, antolatzaileek diotenez. Txoriak behatu zituzten, eta ondoren, ibilaldi bat egin zuten. Ibilbidean zehar geldiuneak egin zituzten, formularioak betetzeko.

 

Otsauilaren 24an animaliak aztertzea izango dute helburu. Letona korta baserrian emango duten ordubeteko berbaldiaren ostean, Saibi mendiaren hegaletik animalien oinatzak, gorotzak, markak eta bestelako aztarnak bilatuko dituzte. Ekintzaren arrazoiak azaldu dituzte arduradunek: "Aztarnen bidezko behaketa, natura gune bateko fauna aztertzeko modu ezin hobea da, eta animalien ohiturak ezagutzeko aukera ematen digu". Horretaz gainera, orientazio ikastaroa ere egingo dute martxoaren 10ean. Mendian orientatzeko erabiltzen diren tresnak eta teknikak erakutsiko dituzte, esan dutenez.

 

Antolatzaileek, parte hartzeko deia egin eta aurretik izena emateko eskatu dute, 94 681 41 55 zenbakira deituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!