Energia baliabideak herritarren eskura ipini gura dituzte Abadiñon

Anboto 2011ko mai. 21a, 09:28
Azken urteetan aurreztutako energiagaz, hainbat ideia eta egitasmo burutu gura dituzte datozen urteetan

Azken urteetan aurreztutako energiagaz, hainbat ideia eta egitasmo burutu gura dituzte datozen urteetan.

Abadiñoko Udalaren iritziz, udalerria erreferentzia bihurtu da Bizkaian, eraginkortasun energetikoaren alorrean. Hainbat instalazio ditu gaur egun Abadiñok, deneriko energia aprobetxatzeko: eguzki energia termikoa, eguzki energia fotovoltaiko isolatua eta sarekoa, biomasa, kogenerazioa, energia eolikoa eta energia geotermikoa.

Horretaz gainera, argiteria publikoa ere teknologia ugaritan kudeatzen dute: telekudeaketa sistemak, LED sistema eta eraginkortasun energetiko handiko sistemak.

Azaldu dutenez, azken urteetan egindako lan horrek emaitzak dakartza energia aurrezteari dagokionez, eta datozen urteetarako etekina handiagoa izatea itxaroten dute. Gainera, kutsadura murriztuko dela diote, baita atmosferara isuritako CO2 emisioetan ere. Udal ordezkarien iritziz, horrelako erabakiak hartzen jarraituta, segurutzat dute herri garbiagoa eta energetikoki eraginkorragoa izango dutela etorkizunean.

Laguntzak
Egitasmo hauek gutziak, “udalaren diru-kutxak larregi hipotekatu barik” egin direla azpimarratu dute. Lanetarako, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Dibertsitaterako eta Energia Aurrezteko Institutua eta Espainiar Estatuko E Planen diru-laguntzak jaso dituzte.

Hainbat datu helarazi dizkigu udalak, egindako lanen eta aurreikuspenen arabera. Diotenez, udal pabilioiko gasaren kontsumoa % 80 aurreztea itxaroten dute, esate baterako. Igerilekuetan ipinitako eguzki panelei esker energia termikoa ekoitziko dute, eta CO2aren 10,5 tona isuri ekiditea dute helburu. Uribitarteko parkeko sistema eoliko eta fotovoltaikoari dagokionez, aerogeneradoreari esker 6,5 kwh ekoizten dira, eta plaken eraginez 6 kwh. Sistema horrek parkea kanpoko laguntzarik barik elikatzea dakar, argiztapena eta ureztatzea kontuan izanik. Nagusien egoitzako instalazioak ere % 80ko energia aurrezkia eragitea itxaroten dute.

Gasolindegi elektrikoa
Udal pabilioian, sare elektrikora konektatutako eguzki energia fotovoltaikoa dago. Oraingoz bertan ateratakoa Iberdrolari salduko diote, baina, gerora, gasolindegi elektrikoa ipintzea gura dute. Ibilgailuentzako zerbitzua litzateke, eta aurreikuspenen arabera, 5.000 euroko diru-sarrerak izan ditzake urtean. Ikastetxe eta udal lokaletarako, biomasa bidezko energia termikoaren banaketarako sarea ere proposatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!