100 arbola landatu dituzte Urkiolan Aldundiaren ekimenez

Anboto 2011ko mar. 30a, 08:51
Basoen Nazioarteko Urtea dela-eta, Peñascal fundazioko ikasle diren hainbat jatorritako 40 gaztek egin dute landaketa
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak eta UNESCO Etxeak (Euskal Herriko UNESCO Zentroa) bat egin dute Landa dezagun planetarentzat kanpainagaz. Kanpaina horren bitartez, urtero munduan mila milioi zuhaitz landatu gura dituzte. Ekimena mundu osoan egiten da, eta Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren babesa dauka. Foru Aldundiak, ingurumen arloko hezkuntza, boluntariotza eta sentsibilizazioa sustatzeko irabazi-asmo bako erakundeei ematen dizkien diru-laguntzei esker antolatu dira jarduera horiek Bizkaian. Aurten Basoen Nazioarteko Urtea da, eta itxaroten dute kanpainak balio izatea \"gizarteak kontzientzia hartu dezan gure ongizaterako dibertsitate biologikoak eta basoak daukan garrantziaz\". Kanpaina horren barruan, Aldundiak \"basoak babestu eta zaintzeko\" dituen helburuei jarraituz, martxoaren 24an 100 zuhaitz baino gehiago landatu zituzten Urkiolan. Denak espezie autoktonokoak izan ziren eta bertako hazietatik etorritakoak; horretara, \"ekosistema birsortuko da eta haren biodibertsitatea areagotzen eta bertako basoa berritzen lagunduko\" dutela pentsatzen dute.

Azaleraren %60, basoa

Ekitaldian, 40 gaztek hartu zuten parte; gazteok zortzi herrialdetakoak dira, eta Peñascal fundazioaren ikasle. Naturarekiko hartu-emana ikuspegi \"intelektual eta integratzaile\" batetik lantzea dute helburu. Foru erakundeak, guztira, 355.000 zuhaitz berri landatzen ditu urtero. Bizkaiko azaleraren % 60 zuhaitzez estalita dago; gaur egun, 130.646 hektarea baso daude. Azken inbentarioaren arabera, 65.078.549 zuhaitz nagusi daude Bizkaian. Kopuru hori, urterik urte, gero eta handiagoa da. Bizkaiko arbola-masa Europako batez bestekotik gora dago; azalera osoaren % 46 dago Europan basoz estalita.

Onurak

Aldundiko iturrien arabera, \"kalkulatuta dago\" kilometro karratuko baso batek mila tona oxigeno sortzen duela, herriko hektarea bateko arbolek sei pertsonak kontsumitzen duten oxigenoa sortzen dutela, eta 20 urteko zuhaitz batek urtean 10.000-20.000 kilometro egiten dituen ibilgailu baten CO2 kopurua xurgatzen duela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!